Zer da KiVa?

KiVa - Egin dezagun elkarrekin!

Zer da KiVa?

Bullying-aren aurkako programa da Kiva, ikerketan eta froga ziurretan oinarritutakoa. Turkuko Unibertsitatean garatu da, Finlandian, bertako Hezkuntza eta Kultura Ministerioak finantzatuta. Zientifikoki frogatu da KiVaren eraginkortasun handia, Finlandia mailan ausaz eta modu kontrolatuan egindako saiakuntza handi baten eta hainbat azterlanen bitartez. Mundu osoan zehar erabiltzen ari dira KiVa. Gainera, munduan gehien aztertu izan den bullying-aren aurkako programa da.

Nola funtzionatzen du KiVak?

KiVaren helburua bullying-ari aurrea hartzea eta bullying kasuei eraginkortasunez aurre egitea da. Hamarkadetan zehar bullying-aren eta haren mekanismoen inguruan egindako ikerketa zabalean oinarrituta dago programa. Hiru elementu nagusi ditu ardatz: aurrea hartzea, esku hartzea eta jarraipena egitea.

 

KiVaren ardatzak: aurrea hartzea, esku hartzea eta jarraipena egitea

Aurrea hartzea: bullying kasuak ekiditea

Prebentzio-ekintzak, KiVa curriculuma esaterako, ikasle guztiei zuzenduta daude eta bullying-ari aurrea hartzea dute helburu. Ekintza mota horien adibide zehatza dira ikasleentzako eskolak eta online jokoak. Neurri horiek egituratzen dute KiVa.

Esku hartzea: Bullying-ari aurre egiteko tresnak

KiVa proiektuaren baitan esku hartzeko ekintzak bullying kasuetan inplikatuta egon diren haur eta nerabeei zuzenduta daude berariaz. Ikastetxeei eta ikasleei bullying-ari amaiera ematera bideratutako tresnak eskaintzea da helburua.

Urteroko jarraipena

Ikastetxeetan egoeraren jarraipena egiteko tresnak eskaintzen ditu KiVak. Hala, ikasleen zein langileen artean online inkestak egiten dira urtero.  Inkesten bidez lortutako feedback horren bitartez, ikastetxeek bullying-aren aurka egiten ari diren lana nola hobe dezaketen jakiteko informazioa lortzen dute.